XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Igandeetako sindromea

Ño!!... Zein aspergarri zen asuntua!!...

Eskerrak nola hala ere, konpontzen lortu dudala... Bai, ba dakit hain diskutigarri den irtenbide personala dela, beste askok ez duela hain suerte handirik ukan, baina zer eginen dugu... ez naiz ba suizidatuko.

Txikitan sikeran ba zen zer egiterik, goizetik meza nagusira, handik irtenda, eta gainera Jainkoaren grazian, tia Asunekin pasteleria bapo gosaltzera, kafekoletxe berotxoa, pare bat suizo eta txokolatina (Nestlerena, oroitzen naiz, kromo eta guzti...); geroxeago Plaza Berritik Hareatzeraino eta alderantzizko pare bat buelta guraso eta zenbait anaia-arrebekin (denak ez, batzuk ja ligatzeko garaian ziauden, ba dakik ni etxeko txikia, kuttuna ninduan) txistulariak eta banda munizipala txandakatzen ziren bitartean mosto eta ganbak irunsten genituen ahalik eta bizkorren Ama, honek hiru eta ni bi baino ez... Igandetako bazkaria beti berezia izaten zen, egia esan txiki tontolapikoak ez genuen estimu haundiegitan ukaten, eta bukatuta korrika bizian egiten genuen ihesi lagunengana, agurrik ere ia egiteke.

Kolegioko patioan foballean egin, denok tropelean pilotoiaren atzetik (orduan ez zuan taktikarik ez eta beharrik ere) izerdi patsetan izan arte, eta gero ondo lehortzeko saloian lasai jarrita aste horretarako Padre Aspuruk hautaturiko pelikula sanoa ikustera (aizak!, Konpainia utzi, ezkondu eta politiko trebea suertatuko duk gero, Padre Arzallusen itzalean); hori izaten zen eguneko errematea, handik irtenda ilun baitzen eta hamarretarako etxean egon behar...

Ez zen ba hain gaizki igandeetakoa, baina gero gauzak okertzen hasi ziren.

Mezak latinez eta intsentsuz egin beharrean euskaraz eta arloteagoak (herritarragoak esaten zitean), aspergarriagoak gertatzen ziren, bizimodu desordenatuan erorita eta mezatara ez joanda tia Asunek ez ninduen gosaltzen gonbidatzen, Plaza Berriko kioskoa eta palmerak bota zituzten, ganbak hain karu ziren gero, igandeetako bazkaria ere beste egunetakoa bezain arrunta bihurtu zen, foballan egiteko indarrak ahuldu, pelikuletan lizunkeria baino ez dago eta gainera zerbait onik denean ezin Intxaustirekin fidatu ere...

Ederra panorama!!

Baina nik ez nuen telebizio baten aurrean elbarri gelditzeko gogorik eta erabaki finko bat hartu nuen, beste ero batzurekin bildu eta zerbait eginen... bai, ba dakit soluziobide indibidualak ez direla soluziobide, baina hor konpon Marianton!!... eta horrela sartu nintzen musika arazotan.

Egia esan geroztik ez dut problemarik ukan, Kasadiosen kantatu eta mila bat kilometro egin behar direla, edo eta ibilaldian zaudela karga eta deskarga, edo eta Egin eguneko giro zoragarrian tortilla bat jaten jo aurretik...

Hots, bai, azkenean hau beste gauza bat da... zuek ez duzuela nirelako zorionik... ba, monta zuen txiringitoa eta zorte on... gu el veintisiete en Albacete... izorra zaitezte...

Natxo de Felipe.